2013(e)ko abenduaren 16(a), astelehena

Txabalina jaurtiketa

Txabalina jaurtiketa atletismoaren proba bat da, gorputzak duen indarrez eta eratzen duen abiaduraz baliatuta, eta baldintza aerodinamiko onenetan txabalina ahalik eta urrutien jaurtitzean datzana.. Xabalina metalezko jaurtigai luze eta estua da, forma zilindrikoa eta mutur batean punta zorrotza duena, 2,60-2,70 m luze da, eta 800 g-ko pisua du gizonezkoetan, eta emakumezkoetan, berriz, 2,20-2,30 m eta 600 g pisatzen du.
 
Atletak xabalina sokazko heldulekutik hartzen du, eta korrikaldi baten ondoren lortutako abiadura besoaren, sorbaldaren eta enborraren potentziarekin konbinatzen du jaurtigaia aurrerantz botatzeko, beheko gorputz-adarrak lurrean ongi finkatu ondoren.


Jaurtiketetan lehiatzeko modua jauzietakoena bezalakoa da. Lehian hasi aurretik lehiatze-ordena zozketatu egiten da, eta beroketan ere ordena horretan egiten dira saiakuntza-jaurtiketak. Lehian, lehiakide guztiek hiruna jaurtiketa egin eta sailkapena egiten da jaurtitzaile bakoitzaren marka onena hartuta. Zortzi atleta onenek beste hiru jaurtiketa egiten dituzte. Bigarren saio horretan, parte-hartze ordena markaren arabera antolatzen da:zortzigarren marka onena duen atleta hasi eta marka onena daukanak amaituko du segida gehigarria.
 
 
TEKNIKA 
 
 
Lehenik eta behin, esan beharra dago xabalina hartzeko honako hiru heldukera mota daudela:
 

                                                                   Amerikarra
 
                                                                Finlandiarra
 
 

                                                                  Zatikatua
 
Txabalina jaurtiketaren ikasketarako bi zatitan banatzen dugu: Alde batetik, zati ziklikoa eta bestetik, zati aziklikoa.
 
Zati ziklikoa lasterketaren hasierako partea da, eta 5-12 pausoko lasterketa erritmikoa eta progresiboa eman ostean, jaurtiketarako abiadura hobezina hartzea du helburu.
Zati zikliko honetan jaurtilariak gorputz-enborra bertikala eta aurrera begira eramango du, burua zuzen, txabalina horizontala eta kopetaren mailan eramaten duela. Eskuin besoa ukondoa “irekita” sorbaldaren planoan eramango du eta ezker besoa, berriz, mugimendu naturalaz.
 
Zati aziklikoa jaurtiketaren bigarren zatia da eta bere helburua txabalinaren angelu zehatza eta giharreko aurre-tentsioa egokia bilatzeko egoera biomekaniko hobezinak lortzea izango da.
 
Parte honen ikaskerarako, bitan zatituko dugu berriro: kokapena eta pauso gurutzatua.
 
Bi kokapen mota daude, finlandiarra eta suediarra baina guk hastapenean zentratu garenez, hastapenerako gomendagarria den bigarren hau azalduko dugu bakarrik, hots, kokapen suediarra.
 
-       Bularra eskuinera begira besoa sorbaldaren mailan.(1)
-       Txabalinaren punta kopeta mailan.(2)
-       Begirada ibilbidean, burua tente edo hobe atzeranzko estentsio arinean.(3)
-       Aldaka albora.(4)
-       Belauna eta eskuineko oina aurrerantz.(5)
-       Gorputza bertikalean edo aurrerantzako makurdura arinaz.(6)
 
Pauso gurutzatua bultzada lasterketaren azken-aurreko ezker bermatzearen inpultso gogorra da. Lasterketaren eta amaierako bermatze bikoitzaren arteko trantsizioa da.
 
 
-       Enborrak bere eskuinerako itxiera nabarmentzen du, ukondoak eta sorbaldak ibilbidearekiko paraleloak. Eskuineko eskua zentrura begira.(1)
-       Txabalinaren puntak kopetaren mailan jarraitzen du.(2)
-       Begirada ibilbidean, burua atzeko estentsioan.(3)
-       Ezkerreko aldaka aurrera begira.(4)
-       Eskuineko belauna eta oina aurrerantz kokatuak.(5)
-       Enborra atzerantz makurtzen da.(6)
 
 
                                      
 
 
Eskuin-ezkerreko tartea:
 
-       Gorputz enborra aurrera begira; eskuin ukondoa eta sorbalda ibilbiderantz.(1)
-       Txabalinaren punta kopeta mailan(2)
-       Begirada ibilbidean(3)
-       Aldaka albora eta erretrobertsioan. Ezker aldaka aurrean eta eskuinekoa eskuin oinen eta sorbalden lerroan.(4)
-       Eskuin belauna eta oina aurrera.(5)
-       Enborra atzerantz makurtu.(6)
-       Besaurrea buruaren atzean.(7)
 
 



Ezker oinaren helduera


-       Ezker besoa ezker alboan sartzen hasten da, ezker oinak lurrarekin kontaktua hartu aurretik.
-       Ezker sorbalda ireki egiten da, enbor-gihar guztiaren aurre-luzapena eragingo duena.
-       Enborra jaurtiketaren norabideari begira kokatuko da.
 
 




Bermatze bikoitza


-       Ezker belauna ia flexionatu gabe iraungo du.
-       Posizio honetatik aurrera jaurtitzaileak bere gorputza ezker hankaren gainean jarriko du, zeina luzatu egingo baita lehendabizi sorbalda eta gero ukondoa aurrera eramateko. Azken hau sorbaldaren gainetik pasako da eta zirtada gogor batez xabalina jaurtiko du.
-       Hauxe da ordena: sorbalda-ukondoa-eskua
 
 
 
 
Finala


-       Ezker oina zapal, belauna zuzen.(1)
-       Eskuineko hanka zuzen, oinaren punta lurra ikutzen.(2)
-       Eskuineko besoa zuzen eta erlajaturik. Eskuineko sorbalda ezkerreko hankaren bertikalean.(3)
-       Ezkerreko besoa nahiko flexionatua, ukondoa ezkerreko aldakaren mailan blokeatuta.(4)
-       Enborra aurrera begira. Eskuineko aldaka goian eta blokeatuta.(5)
 




OHIKO AKATSAK

 
- Lasterketa luzeegia egitea.
- Hasieran laster bizkorra egitea baina abiadura galduz joatea fase aziklikora hurbiltzen den  
  heinean.
- Jaurtitzailearen maila teknikoari ez dagokion abiaduran joatea (bizkorregi, alegia).
- Jaurtitzailea lasterka doala, xabalina dardarka eramatea.
- Jaurtiketa airean okerreko hanka aurreratuta izanda egitea.
- Aldaka aurrera bideratu gabe egitea besoaren ekintza.
- Ukondoa baxu izanda egitea jaurtiketa.
- Zati aziklikoan, xabalinaren punta ez geratzea atletaren aurpegiaren mailan.
- Beste eskua aurreratua ez izanda jaurtiketa egitea.
- Errotazioarekin jaurtitzea xabalina
- Xabalina gurutzatuta eramatea (punta eskuinetara eta atzea ezkerretara) edota punta atzea 
  baino altuago eramatea.
- Xabalinaren buztana, metalezko punta baino lehenago lurreratzea
- Xabalina jaurtiketa-zonaren kanpoan erortzea(zona hori mugatzen duten lerroetatik kanpo)

ARIKETAK


Gure ikasleak haurrak direnez komeni da atletismorako lehen hurbilketa oinarrizko jardueren bidez egitea. Horretarako, oso garrantzitsua da, xabalina-jaurtiketaren kasuan ere, jaurtiketa-akatsak automatizatu aurretik zuzentzea, ikasprozesuaren fase honetan egiten diren jardueren bidez. Izan ere, askoz hobea da egiten dena akats barik egitea, gutxi izan arren, jarduera ugari baina inolako irizpide teknikorik gabe egitea baino. Beraz, teknikariak eta irakasleak adi egon beharko dira akatsik egiten den ikusteko, eta akatsok zuzentzeko ariketak diseinatu eta proposatzeko.

 
Hasieran pisu jaurtiketan bezala tresna bera izango da aztergai: eskuartean erabili, bultza egin, jaurtiketa-jolasak egin…

 

1.    Taldea bitan banatuko dugu eta ume-talde bakoitzak zelaiaren zati batean kokatuko dira, talde bakoitzeko bat izan ezik, beste taldeko zelaiaren bukaeran dagoen marran kokatuko direnak(hilerria). Erabiliko duten materiala “bortex”a izango da, hots, umeentzat egokitutako xabalina modukoa, eta ezaguna den “zelai errea” izeneko jolasean arituko dira; pilota bortexagatik ordezkatuz.

Ume bat beste baste taldeko beste bateri ematen dionean, bigarren hau eliminatuta geratuko da eta “hilerrira” joan beharko da.
 
 


2.    Taldea bitan banatu(peto gorriak eta peto zuriak) eta irakasleak bortexa botako du airera. Umeak hartzen saiatu behar dira eta euren taldekideen artean 10 pase egin behar dituzte; bortexa lurrera jauzi gabe eta beste taldekideek hartu gabe.

3.    Bi ikasleei bortex bana emango zaie eta gainerako ume guztiak eliminatzen saiatu behar dira, bortexa jaurtiz eta gorputzeko edozein ataletan emanez. Emanez gero, ume hori lurrean jezarri beharko da berriro jolasteko modu bakarra bortexa ikutzea izango da. Beraz, adi adi egon beharko da bortexa hurbiltzen den bakoitzean.

 

Ondoren, oinarrizko teknikak ikastea izango da helburua, eta hauek dira ikas-prozesuaren helburu orokorrak:


Lehenengo helburua erraz maneiatzen diren tresnak(teniseko pilotak, pikak, beisboleko materiala…) sorbaldaren gainetik beso batez eta mugimendu zabalak eginez, jaurtitzen ikastea izango da.

 
4.    Doiketa jaurtiketak, zenbait distantzia eta altueratara jaurti. Arreta helburu zehatz batean jartzeak lagundu egiten du amaierako posizio orekatua lortzen eta kate zinetikoaren bidezko koordinazio egiten. Ariketa sorta landu bitartean, irakasleak zenbait agindu lagungarri emango ditu: “mugimendua zabala eta luzea egin” edo “pilota sorbalda gainetik atera”. Xumeak izan arren, horrelako ariketek ikasle trebeenak zeintzuk diren jakiten laguntzen digute.


5.    Makila txikiak(lekukoak) aurrera jaurti, ukondoa garai izanda, eskua lekuz aldatu gabe, kontrako hankak aurrera eginda eta gorputz-enborra zertxobait tenkatuta izanda.
 

6.    Doiketa-jolasak:

- Lurraren gainean 1 m u 1 m-ko itua marraztu.
- Haren barruan uztai txiki bat jarri.
- Jaurtitzaileak 4-6-8 m-ra jarri eta xabalina uztai barrutik pasatzen saiatu.
- Partehartzaile guztiek egin ondoren, metro bat atzeratu abiapuntua.
- Hutsegite bi jarraian eginez gero, kanporatu egingo da partehartzailea.
- Itu bi jarraian egitean komodin bat lortzen da.
 
 

Bigarren helburua xabalinari ondo heltzeko gai izatea eta xabalina eta guzti egiten diren mugimenduak eta leku-aldatzeak menperatzea izango da.

 

7.    Xabalina eta guztiko askotariko lasterrak, abiadura ezberdinetan egin, xabalina horizontal edo punta zertxobait baxuago eramanda. Laster motela eginda, xabalina zenbait bider atzera eraman eta berriro sorbalda gainean jarri.
 

8.    Xabalina atzeratzean, hankak zertxobait gurutzatu eta bulkada, batez ere, oinekin egin. Xabalinari eskua erlaxatu gabe eutsi beti.




Hirugarren helburua xabalina atzeratuta jartzea eta mugimenduen erritmoa hobetzea amaierako posiziora heldu arte izango da.


9.    Oinez lehenengo eta lasterketa motela eginda geroago, ezkerreko sorbalda
            aurreratu eta, aldi berean, urratsa luzatu. Behin eta berriro errepikatu, hasierako 
           posiziora itzulita.


10.  Lurrean erreferentzia bat jarri eta harantz egin korrika. Heltzean, ezkerreko  
hankarekin bultza handiagoa egin eta lau bultzada indartsu eta bizkor egiten   
diren bitartean, xabalina atzera eraman. Xabalinari plano eutsi,esku-ahurra gora begira, oinak sorbaldak baino aurrerago, sorbalda eta aldaka lerroen artean tortsio handia izanda eta begiak aurrera begira.
 
 


Laugarren helburua amaierako ekintza ezin hobeto egitea izango da.

 

11.  Lurrean dagoen marka baten kontra jaurti, bi eskuekin eta buruaren gainetik.





12.  Ariketa bera, baina esku bakarra erabilita eta kontrako oina aurreratuta.    Xabalinaren gainean ahalik eta denbora luzeenean bultzada egiten eutsi,    besaurre, esku eta atzamarrez baliatuz.

 




13.  Ezkerreko oina aurreratuta izanda, xabalina jaurti, hegan plano egin dezan saiatuz.
 



Jaurtiketa osoaren teknika eta gauzatze-erritmoa gehiago hobetzea izango da bosgarren eta azken helburua.

 

14.  Abiadura gero eta handiagoan jaurtiketa osoak egin, jaurtiketaren lehenengo zatiaren (lasterketa eta prestatzea) eta bigarrenaren (gorputzaren balazta eta gorputz-atalen azelerazio sinkronizatua) arteko azelerazioa ondo koordinatzen  saiatu. Erritmoari ez ezik, azken berme tinko eta biziei, amaiera zabalari eta gorputzaren ezkerreko aldearen balazta bortitzari ere arreta handia eman behar zaie.

 


 

 

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina