2013(e)ko abenduaren 12(a), osteguna

Altuera jauzia

Altuera-jauzian edo gorako jauzian jauzilariak bulkadako korrikaldi baten ondotik goranzko jauzi bat egiten du, oin  baten gainean oldar eginez, garaiera jakin batean kokatua dagoen langatxoa edo listoia gainditzen edo pasatzen  saiatuz.

Gorako jauzia “malguki-mugimenduaren” espezialitatea da. Altuera-jauzilari batek ezinbestekoak dituen  ezaugarri biak honakoak dira: garaiera handia eta malguki-ahalmen handiko hanka. Gainera, garaiak izan arren, atletok koordinatuak eta bizkorrak izan behar dira.

Altuera-jauziaren teknikaren eboluzioa

Atletsimoan aldaketa gehien jasan dituen froga dugu altuera jauzia.
XX. mendea abiatzean “guraize seriea”-rekin hasi zen altuera-jauziaren estiloen eboluzioa: aurrenez guraize arrunta, guraize bikoitza edo Lewden gero, eta ondoren guraize etzana egin ziren. Geroago, guraize etzanak eboluzionatu zuen eta listoia paralelo eta ahoz gora gainditzeko estiloa sortu zen.

Gero, teknika egiteko beste bide batzuk ikertu eta “arrabol” teknikak nagusitu ziren, oldarra listoitik hurbil zegoen hankarekin egiteko, alegia. Hasieran albo-arrabola egin zen, eta listoia alboz gainditzen zen. Geroago sabel-arrabola egiten hasi zen, barruko hankarekin oldar egin, gorputza jiratu eta atleta lurrerantz begira dagoela gainditzen zen listoia. Hasieran, gorputza listoiarekiko paralelo zihoan eta geroago zanga batez jauslekura erortzen zen. Bitartean, jauslekuko materialak hobetuz joan ziren eta horrek teknikaren aldaketa handia ahalbidetu zuen berriro. Fosbury estiloa zabaldu zen.


Bi tekniken artean diferentzia handiak daude eta hauexek dira:

Sabel-arrabol teknika: atletak jauzi gorantz egiten du hanka librea altxatu, ondoren gorputza jiratzen du ardatz horizontalaren inguruan eta beherantz, hau da lurrerantz begira dagoela gainditzen du listoia. Estilo horretan, lasterketa zuzena eta laburra da, eta listoiari hurbiltzeko abiadura txikia lortzen da.


Gaur egun gero eta atleta gutxiagok erabiltzen dute teknika hori.




Fosbury estiloa: listoia atzeraka gainditzen duen gorako jauziko estiloa da. Dick Fosbury jauzilari iparramerikarrarengandik hartu zuen izena. Mexikoko Joko Olinpikoetan parte hartu eta teknika hau erabiliz urrezko domina lortu zuen. Mundu osoan zehar zabaldu zen, garai bateko sabel-arrabola ia erabat desagertzen zen bitartean. Teknikak hau ahalbidetzen du:

Bihurgunean abiadura handiagoa hartu eta indar zentrifugo gehiago eratzea, horizontalean dagoen listoia igarotzeko. Beraz, jauzia egiteko atletak behar duen ekintza bertikala oldarrean eratzen da. Oldarra listoitik urrunago dagoen hankarekin egiten da.

Gorputzaren bizkarra pasatzen da listoiaren gainetik, eta gorputzaren goiko aldea eta eskuak dira listoia lehenengo igaroko duten gorputzeko atalak.



Araudia

– Oldar-jauzia oin bakar baten gainean egin behar da.

– Lehia hasi aurretik lehia-ordena zozkatu egiten da.

– Lehiaketa aurretik epaileek eta antolatzaileek zehazten dute listoiaren hasiera-garaiera eta zenbat cm gehitu listoia igotzen den bakoitzean. Tarteok atleten mailaren araberakoak izango dira.

– Adibidez: lehiaketa 1,40 m-tan hasi eta 5 cm-tik 5 cm-ra igoz doa 1,60 m-raino (1,40; 1,45; 1,50; 1,55; 1,60). Gero 3 cm igoko dira gora egin behar den bakoitzean (1,63; 1,66; 1,69; 1,72…).

– Atleta bakoitzak lehiaketa nahi duen altueran has dezake.

– Listoia gainditzen saiatu eta arauz kontrako jauzia eginda, ekinaldia baliogabetu egiten da.

– Jauzia baliogabetzeko ohiko kasuak honako hauek dira: Listoia saltometrotik erortzen denean, jauzilariak eraginda; Jauzilariak arauz, jauzia egiteko daukan denbora tartea baino beranduago hastea. Goi-mailako lehiaketetan 90 s ditu atleta bakoitzak horretarako; Jauzi egin aurretik listoiak eta lurrak eratzen duten planoa gorputzeko atalen batekin zeharkatzen bada.

Gaur egun erabiltze den teknika denez Fosbury estiloaren teknika azterktuko dugu:

Altuera-jauziko Fosbury estiloak lau fase ditu: lasterraldia, oldarra, hegaldia eta listoi-gainditzea eta erortzea.

1. Lasterraldia

Atletak laster progresibo, harmoniko eta kontrolatua egin behar du, oldar unean menpera dezakeen  abiadurarik handiena izateko. Fosbury estiloaren ezaugarri den bihurguneko lasterketan oldarrean erabiliko den  momentu angeluar handia sortzen da.




Gorako jauzian ez dago oldar-oholik, baina oldarra toki egokian egin behar da, hau da, lasterraldiak neurtuta egon behar du, 6 eta 12 zangokada bitartean egiten dira, erraz eta luze, oldarra toki egokian egin eta helburuak lortzeko.

Fosburyko lasterraldiaren abiapuntua kalkulatzeko, listoiaren jarraian lerro bat egin, eta neurgailutik bi eta sei metro artean, perpendikularra egin lasterraldi-eremurantz. Saltometroa erreferentzia hartuta, lasterketa eskuinera edo ezkerrera alboratuta hasten da. Alde batetik edo bestetik hastea oldar-hankak baldintzatzen du. Hanka zein den, kontrako aldetik hasten da lasterketa. Oldar-hanka ezkerra daukaten atletek jauzirako zonaren eskuineko aldetik egin beharko dute lasterra. Alderantziz, eskuinarekin oldar egiten dutenek ezkerreko aldetik egingo dute korrika.



Helburuak:

– Oldar-unerako atletak menperatu ahal duen abiadura horizontalik handiena lortzea. Horrela egin ezean, jauzilariak listoiaren kontra egingo luke.

– Oldarra egiteko, gorputzaren adarrak posizio onenean kokatzea.

Luzera:

Fosbury estiloan egiten den lasterketak sei eta hamabi oinkada artean ditu. Hasiberriek sei urrats eta maila onekoek hamar-hamabi ematen dituzte. Lasterketaren lehenengo zatia zuzena eta listoiarekiko perpendikularra da, eta bi eta sei-zortzi oinkada artean ematen dira. Jarraian, bihurguneko ibilbidean, lau oinkadak ematen dira, eta bigarren zatia bihurgunean egin ondoren azken lau oinkadak ematen dira. 

Zatiak:

Lasterketak bi zati ditu: progresio- edo azelerazio-lasterrean eta oldar-prestatzea edo bihurguneko lasterra.


Lasteraldiaren lehenengo 5 urratsetan, atletak azeleratu behar du, oinkada bakoitza aurrekoa baino indartsuago. Bihurguneko tartea egitean eta abiadura ez galtzeko, gorputza barrurantz makurtu behar du.

-Progresio edo azelerazio-lasterketa arteza: arian-arian azeleratu eta abiadura handia lortzea da helburua. Lasterketa aurretik hiruzpalau urrats egiten dira normalean, lasterra biziago hasteko. Begirada listoiari eta belaunak garai eraman behar dira hasierako oinkadetan.

-Bihurguneko lasterra: Bihurgunean azken lau oinkadak egiten dira. Lehenengo hiruren helburua da gorputz osoa bihurgunearen barrurantz makurtzea.Erradio laburrak eta lasterketa-abiadura handiak, indar zentrifugoa handituko dute, eta gorputzaren makurdura handitu beharko du atletak hori orekatzeko.



Ohiko akats larria izaten da gorputz-enborra barrurantz tolestea, baina gorputzeko beheko adarra ez makurtzea.


2. Oldarra 

Oldar egokiaren ekintza teknikoak hauek dira:

– Orkatilaren eta oldar-hankaren luzaketa osoa egin.

– Hanka librearen gorako mugimendua, gradu txiki bat kanporantz biratuta egin. Aldakaren ardatzak kanporantz biratuko du, eta, ondorioz, listoiari bizkarra ematen lagunduko du.

–Besoek, 90º tolestuta, gorantz egiten lagundu behar dute, bai era simetrikoan, bai asimetrikoan.


– Burua listoirantz biratuta izan.

Oldarra hasteko, atletak gorputza atzeratuta eta enborra atzera eginda izaten du. Oldar-oinak ibilbide biribila hasten du, nahiz eta aldaka baxuago egon eta orpoak lurrari begira dagoen. Fosbury estiloaren hasieran, oldarra egiteko oinaren orpoa ezartzen zen lurrean. Gaur egun, nahiz eta orpoarekin kontaktua egin, bermea oinazpiarekin egiten da, metatartsoarekin, bizkor eta bizi.

Oldarra listoitik 70-115 cm-ra egiten da. Oldar-oina aurreko bi oin-bermeen lerro berean ezarri behar da lurrean. Oinak lerrokadura hori apurtuko balu, koltxonetatik urrunago jarrita, atleta listoiaren kontra joango litzateke. Gorputzak atzerantz eta barrurantz eginda irauten du, eta besoek atzera egiten dute, oldar bertikal eta indartsua egiten laguntzeko.

Oldar-hankako belauna zuzen eta tinko heltzen da lurrera kontaktua egiteko,baina zertxobait tolestuko da gorputzaren pisuaren eraginez. Ondoan, luzaketa bortitza eta bizia egin eta atleta gorantz higiaraziko du.

Hanka librearen ekintza bi modutan gauza daiteke:

– Pendulu laburra: Hanka librearen ekintza lasterketako urratsean bezalakoa da: orpoa ipurmasailera urreratu eta belauna tolestuta igotzen da.
– Pendulu luzea: Orpoa ez doa ipurmasailera, eta hanka ia luzatuta doa gorantz. Horizontalera helduz doan heinean, belauna tolestuz doa.

Kasu bietan hanka librea garai eta listoiaren plano bertikalarekiko paralelo igotzen da.



Oldarra bitartean, atletaren gorputza lurrarekiko zut jartzen da, bi okertasunak apurtuz eta hegaldia lurrarekiko guztiz perpendikular hasteko.

Esan bezala, jauzi-mota horretan teknika erabiltzen da energia horizontala energia bertikal bihurtzeko. Oldar-oina ezkerra balitz bezala azalduko dira ekintzak hemendik aurrera. Hauek dira lau ekintzok:

– Eskuineko hankaren ekintza. Azken-aurreko bermea egin ondoren hanka libre bihurtuta gorantz egiten duen mugimendua.




– Ezkerreko hankaren (oldar-hankaren) ekintza.

Esan bezala, kontaktu-unean oldar-hankak (guztiz luzatuta), aldakak eta sorbaldak lerrozuzena osatzen dute, eta aurretik atzerako eta goitik beherako ekintza egiten dute. Oldar-hankak zurrun eutsiko dio kontaktu-unean belaunean gertatzen den tolesdurari. Oldar eraginkorra egiteko, azken-aurreko bermeak (eskuina) jarri du aldaka oldar-oina baino aurrerago, bai atzetik aurrera eginda, baita bermeen lerrokadura albo batera galdu gabe. Aurreneko kasuan, horrela ez bada egiten, oldarra gorantz barik, atzerantz irtengo da. Bigarren kasuan, oldarra ez da ondo antolatuko, eta, oldar-oinaren gainean pibotatu eta jiratuta, listoiaren kontra joango litzateke atleta.

Beraz, aldaka oldar-gainean jartzea da landu beharreko lehen ekintza.

– Besoen eta hanken arteko koordinazioa.

 Gorako jauzian besoak koordinatzeko bi modu daude. Batean, luzera-jauzian bezala, albo bateko hankak eta kontrako besoak ibilbide berdina egin. Bestea, teknika errusiarra, azken-aurreko urratsean beso biak aurrera eraman, azkenekoan, berriz, atzera. Oldarrean, azkenik, besoekin gora egin.

– Ekintzaren gauzatze-erritmoa.

 Gauzatze-erritmoa funtsezkoa da oldar eraginkorra lortzeko. Oldarra prestatzeko ezkerreko oina eskuinekoaren aurretik, azeleratuz, doan ideia izan behar da, eskuin-ezkerra, ia-ia oinkada bikoitza balitz bezala. Beraz, oinkada bikoitza ez da benetan egiten, beti dagoelako denbora-tartea eskuineko oinak lurra utzi eta ezkerrekoa berriro lurreratu arte. Hala ere, denbora-tartea ahalik eta laburrena egiten saiatu behar da, eta, horretarako, azken-aurreko urratsa luzatu eta azkena laburtu egiten dira, nolabait.


3. Hegladia eta listoi gainditzea

Oldar-oinak lurra uzten duenean hasten da, eta jauzilaria jauslekuan erortzen denean amaitzen da. 

Grabitate-zentroak egingo duen ibilbidea oldarraren eta lasterketaren ekintzaren emaitza izango da. Helburua da listoia gainditzeko grabitate-zentroa ahalik eta gehien igotzea. Fosbury estiloan, hegaldiaren ezaugarririk 
garrantzitsuena da atleta listoiari bizkarra emanda jartzen dela. Hori lortzeko, besoak eta hankak (atal libreak) dira fasearen gakoa.

Gorputza igotzen den heinean, listoitik hurbilen dagoen sorbalda eta burua hurreratu egin behar dira listoira, hari begira.

Igoeran, hanka libreak tolestuta jarraitzen du. Gorantz doa, listoitik urrun. Oldar-hanka hanka librearekin batzen da, belauna tolestuta.

Oldar-unean sortzen diren momentu angeluarren bidez, eta gorputz-atal libreen eta buruaren mugimenduen bidez, jauzilariak listoia gainditzeko egoera onenean jarri behar du.



Fosbury estiloan buruak igarotzen du aurrena listoiaren planoa, eta hori egiteko bi modu daude. Batean, gorputza, balantza gisa, ia kakotu gabe dago listoiaren gainean belaunen eta sorbalden arteko lerroa ia zuzen dago, eta sorbaldek lastairarantz erortzea eragiten dute. Mugimendu hori orekatzeko aldakek esandako lerrotik gorantz egingo dute, eta oinak belaunen gainetik jarriko dira listoia pasatzeko. Bestean, eskuineko besoa listoiaren gainetik eta atzerantz pasarazten da, aldakan tentsioa areagotzen da eta, ondorioz, gorputza listoiaren gainean erruz tenkatu eta kakotzen da. Segituan bernak belaunen gainetik jartzen dira.

Aldakek listoia igaro ondoren, enborraren makurdura desegin egiten da, hankek eta orpoek listoia bota ez dezaten.


4. Erorketa

Listoia gainditu ondoren, atleta lastaira gainean erortzen da. Kontu izan behar da belaunek ez dezaten aurpegiaren kontra jo. Fase honek ez du bestelako arazorik, gaur egungo lastairen kalitatea eta segurtasun-maila ezin hobea delako. Hala ere, kontuan izan behar da Fosbury estiloan bizkarraren gainean erortzen dela, eta ez lepoaren gainean eta hori ondo zaindu behar da; izan ere, lepoz erortzeak ondorio larriak ekar ditzake.





Altuera-jauziaren ohiko akats larriak 

– Lasterra erritmo eskasean egitea.

– Lasterra luzeegia egitea.

– Oldarra koltxonetatik hurbilegi egitea.

– Bihurguneko makurdura apurtzea.

–Azken oin-bermeak balaztatzea, oinazpia edo orpoak lurraren kontrailtzatuta.

– Azken hiru oin-bermeen lerrokadura galtzea.

– Oldar-hanka lurrean ezartzean gorputza atzeratuta ez izatea.

– Oldarra bertikalean ez egitea.

– Listoiaren kontra salto egitea.

– Oldarra listoiari bizkarra emanez egitea.

– Oldar-unean hanka librearen eta besoen tentsio falta izatea.

– Listoi gainean enborra ez tenkatzea.

– Sinkronizazio falta izatea enbor-tenkatze eta biribiltze-prozesuan.


– Gorputza listoi gainetik zeharka pasatzea.


ARIKETAK



1. Zutik koltxoneta gainean gaudela, erortzen utziko gara, hildakoarena egiten. Gorputz osak batera ukitu behar du koltxoneta. Horrela bizkarrez erortzen ohitiko dira eta beldurra kentzen.



2. Behin hegaldia eginda atzeraka eroriko dira eta gehienetan itzulipurdi bat egingo dute nahi gabe dakarkiten idarra dela eta, beraz atzerakako itzulipurdiak egingo dituzte koltxoneta gainezn, era ezberdnetara: belauniko, eserita, zutik eskuakin laguntzen eta gero eskurik gabe, aurretik jauzi bat eginik...

3. Bi ariketak lotu eta zutik daudela atzeraka eroriko dira bizkarrez, baina gero hanka igo eta itzulipurdia egingo dute. Hegaldin gerria igoko dugu gorputza arkeatzen.


4. Lurretik jautzi egigno dute atzeraka bizkarra koltxonetan apoiatuz, baina hankak gora altsako dituzte bertan dagoen objektu bati ostikada emateko "txilena".

5. Oldarra egiten prestatzeko, jauziak egingo ditugu besoak altsatuz eta oldarra egingo dugun belauna altsatuz.



6. Lasterraldiko gorputz makurdura edo inklinazioa egiteko, zirkuloan egingo dute laster gurputza erdirantz inklinatzen. Ez du balio goiko zatia soilik okertzea,  gorputz guztia zuzen okertu behar du.

7. S itxurako ibilbideak markatuko ditugu konoarekin, eta ibilbidea lasterraldia moduan egingo dugu gorputzaren inklinazioa lantzeko bi aldeetara ohitzeko.



8. 3 edo 4 bat metroko lasterraldia eginez, hanka batekin egingo dugu oldarra eta soka elastiko baten gainetik pasatzen saituko gara.



9. Jada lasterraldi osoa egingo dute, baina oldarra egiteko hanka tranpolinean apoiatuko dute horrela jauzi handia egiteko eta soka elastikoa erraago gainditzeko. 

10. Azkenik jada altuera jauzi osoa egingo dute, bere lasterraldi osoa, oldarra, hegaldia, soka gaindiketa eta erorketarekin. Horik egiteko eskuinetik abiatuz eta ezkerretik abiatuz propatuko dute beraientzako egokiena den aldetik hasteko.

ARIKETA GEHIAGO

http://www.youtube.com/watch?v=81HCFQmeOGQ

http://www.youtube.com/watch?v=axxaODIXI78

http://www.youtube.com/watch?v=3at9wOTYWlo

http://www.youtube.com/watch?v=FGLIJ6K_R_k




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina