NOLA EGIN HASTAPENAK?

Gure irakasteko eredua proposatu aurretik, puntu batzuk argitu behar ditugu, izan ere, hastapen prozesuan lau kontzeptu nahasian agertzen dira:

Entrenamendu goiztiarra eta gogorra:

Entrenamendu goiztiarra epe labur, ertain zein luzean goi-mailako emaitzak lortzeko, umetan egiten den jarduera multzoa da. Ez dira aintzakotzat hartzen haurrak garapenean izan ditzakeen ondorio kaltegarriak; gimnastika, edo igeriketa dira horren adibide. Goi-mailako kirolera heltzeko, arriskatu egin behar da. Elitera heltzen direnak besteen eredu bihurtzen dira; baina oso gutxitan hitz egiten da gerora agertuko zaizkien kalteez, edo bidean gelditu diren kirolariez.

Teoria hau kolokan jarri behar dugu, ez baititu haurren eskubideak zaintzen. Hortaz, atletismoan ezin dugu horrelako eredurik erabili, haurrari kaltea baino ez dio eragiten eta.

Entrenamendu goiztiarra eta ezegokia:

Entrenamendu ezegokiak moztu egiten dio bidea goi-mailako errendimenduari. Helduen entrenamenduak haurrei ezartzen zaizkie, eta modalitate bakar bati lotuta dagoen berariazko lana izan ohi da. Talde-kiroletan eta atletismoko iraupen luzeko probetan egiten da, batez ere. Entrenatzaileek helduak balira bezala entrenatzen dituzte haurrak, eta horrek eliterako bidea mugatzen die. Adibidez, hamabost urterekin iraupen-erdiko berariazko entrenamenduak hasiz gero, eta behin 18 urte beteta, gogor arituz gero, eliterako bidea erraztuko litzateke.

Izan ere, eredu hau ez da aurrekoa bezain astuna eta gogorra, ez da osasunerako hain kaltegarria. Baina kirol-etorkizuna mugatzen du, eta umeek ezin dute ez kirolaren alde jostagarriaz gozatu, ezta formazioa aprobetxatu ere.

Aisialdia eta balio anitzeko jarduerak:

Aisialdia aisialdi izan dadin, saiakerak egin behar dira, bai eskolan, bai familian, bai lagunartean. Baina, aisialdiaz gozatzeko berariazko tresnak ere eman behar zaizkie haurrei. Sortu eta gozatu ahal izateko, umeak zerbait ikas behar izan du: ezin olatuez gozatu, ez badu aurretik igerian ikasi, ezin ibaian behera jaitsi piraguan ez bada trebatu.

Kirol-hastapenak dibertigarria eta eraikitzailea izan behar du, baina zerbait gehiago ere behar du eraginkorra izan dadin.


Kirol-hastapen goiztiarra:

Eredu hau oso egokia da atletismoan hasteko, ikasprozesu bakoitza noiz egin kontuan hartzen baitu. Atleten hazte- eta heltze-prozesuen barnean, elementu bakoitzak ikaste-adin egokia dauka. Unea ondo aprobetxatzeko atletaren gaitasunei erreparatu behar zaie, eta proba guztiak berariaz irakatsi. Une egokiak uste baino arinago gertatzen dira, idatzi edo irakurtzeko aldiak esaterako. Mugimendu jardueretan ere gauza bera gertatzen da.

Espezializazio goiztiarrik gabe ez dago irakurtzen edo igerian ikasterik. Behar horiei ematen zaien tratamendua, goiztiarra izatea eta arreta handia ematea, kirol-ekintza konplexuek ere behar dute. Ekintzak ikastea eta automatizatzea ez da kaltegarria, beharrezkoa baizik. Hala ere, ez da nahastu behar jarduera gutxi batzuk automatizatzea umearen mugimendu-esperientzia mugatzearekin.

Kirol-hastapen goiztiarrak kontuan izan behar ditu beti giro dibertigarrian jorratzen diren ikasprozesu sistematikoak. Ikasprozesuan jostagarri eta esfortzu hitzak elkarrekin joan daitezke, inolako arazorik gabe: jolasean aritu arren esfortzua ere ezinbestekoa da.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina