2013(e)ko abenduaren 12(a), osteguna

Luzera jauzia

Jauzilariak, korrikaldi baten ondotik eta oin baten gainean oldar eginez, jauzi horizontal bat egiten du, ahalik eta distantziarik handiena lortu ondoren hobian erortzeko.




Araudiari dagokionez, luzera-jauzia luzera zehatzik ez duen lasterketa batekin hasten da eta bi baldintza edo muga jartzen dira:

– Bulkada egin behar da oldar-oholaren gainean dagoen plastilinaren atzetik.Plastilinan arrastoren bat utziz gero, jauzia baliogabea izango da.

– Behin jauzia eginda, gorputzaren edozein atalekin hondarretan egindako arrastoen aurretik irten behar du atletak. Horrela egin ezean, jauzia baliogabetu egiten da.

 – Jauziak neurtzeko, jauslekuan utzitako azken arrastotik oholeraino egindako distantzia horizontala hartuko da kontuan, eta hori neurtzen da.

– Lehiaketa bakoitzean hiru aukera daude salto egiteko. Lehiaketan zortzi atleta baino gehiago egonez gero, eta jauzilaria lehenengo zortzien artean sailkatzen bada, beste hiru jauzi egin ahal izango ditu.

– Goi-mailako lehiaketetan, saioa arintzeko, atletak 90 segundo du saiakera bakoitza egiteko, berariaz deitzen diotenetik zenbatzen hasita.

– Jauzirik luzeena egiten duenak irabaziko du; berdinketarik badago, bakoitzaren bigarren jauzira jo behar da irabazlea nor den jakiteko.



Luzera-jauziaren teknika

Luzera-jauziaren teknika Jauziaren faseak hauek dira: lasterraldia, oldarra, aireko fasea edo hegaldia eta erortzea.


1.1 Lasterraldia

Helburuak:

– Oldar-oholera egoki hurbiltzea, lasterra guztiz neurtuta, orpokatuta.

– Behar den abiadura lineala lortzea, hurrengo faseari, oldartzeari, ganoraz ekiteko.

– Gorputz-adarrak eta gorputz osoa egoki kokatzea oldar-ohol gainean daudenean, ahalmenei ahalik eta  etekinik handiena ateratzeko, erabiltzen den teknikaren eta ezaugarri zinematikoen arabera.

Lasterketaren amaieran gorputzak nolako kokapen orokorra daukan, halakoak izango dira jauziaren hurrengo  faseak.


Lasterketaren teknika

Jauziaren lasterketaren teknika eta abiadura-lasterketaren teknika desberdinak dira. Jauzi-lasterketa orpokatua dago eta lasterketaren amaieran jauzi egiteko prestaketa-lana eskatzen du. Lasterraren teknikaren ezaugarriak hauexek dira:

Orekatua: gorputz-adarrek jauziaren noranzkoan lerrokatuta egon behar dute, eta haien mugimendua kontrolpean izan behar du atletak: gauzatzeko modua zabaldu behar da eta grabitate-zentroaren garaiera kontrolatu (batez ere, oldartzean) eta era homogeneoan eraman.

Enborra zuzen (abiadura-lasterketan baino bertikalago) eta belaunak ondo altxatu behar dira. Hankek goitik behera egiten duten ekintza abiadura-lasterketan baino nabarmenagoa izaten da.

Erritmikoa: oldar-oina lurrean jartzerakoan, atletak ahalik eta abiadura handiena izan dezan. Erritmoa kontrolatzeko urrats-maiztasuna kontrolatu behar da. Lasterketaren fase bakoitzean aldatuko da erritmoa, baina beti atletak kontrolatu dezakeen heinean. Kontrol horrek lasaitasuna dakarkio atletari eta oldar-unerako kontzentrazioa ahalbideratzen laguntzen dio.

Erritmoa dela eta, grafikoan agertzen diren 3 modu orokor daude, lasterketa egiteko denak baliagarriak dira, eta, esan bezala, atletaren ezaugarriei eta nahiei hobeto egokitzen dena erabili behar da.

Lasterketaren faseak
Luzera jauziaren lasterketan hiru fase bereizi behar ditugu.

1. Martxan jartzea

Helburua inertzia apurtzea da, eta premiazkoak diren urrats-zabalera, maiztasuna eta segmentuen kokapena lortzea, orpokaketa egokia eginez.

Lasterraren hasieran, eskarmentudun atletek nahikoa dute 6-4 urrats egitea behar den abiadura eta kokapena lortzeko eta hurrengo fasera pasatzeko.

Prestaketa egiteko hainbat modu daude:

– Geldi, bi oinak batera, erreferentzia-markaren ondoan.

– Geldi, bulkada-oina erreferentzia-markaren gainean eta bestea atzean, orekari eusteko.

– Erreferentzia-markarantz oinez hurbiltzea eta bulkada-oinaz marka bera zapaltzea (ez 4 urrats baino gehiago).

– Erreferentzia-markarantz mugimenduak egitea (trosta, pauso bikoitza…) eta bulkada-oinaz erreferentzia zapaltzea (baina 4 urrats baino gehiago ez).

Hastapenetan lehengo biak dira egokiak eta horiek erabiltzen dira. Hastapenen ostean, tarteko modu hau erabiliko litzateke: hasieran 3-4 urrats dinamiko egitea, eta, martxan jarri ondoren, orpokatutako 17-18 urrats (erreferentzia-markatik hasita).



2. Progresioa edo azelerazioa:

Helburuak: 

Oholari hurbiltze zinematiko egokia egitea, segmentuak egokitasunez kokatzea eta aipatutako oreka eta abiadura-baldintzak lortzea. Tarte honen ezaugarriak hauek dira:

– Atleta helduek 10-12 urrats egiten dituzte; ume eta gazteek 8 urrats inguru.

– Jauzilari guztiengan nahiko berdintsua da fase hau; diferentzia lasterketa-teknikan dago.

– Oldarra egin aurretiko 4. urratsean amaitzen da.

Fase honetan ez da parametroen betebehar zorrotzik eskatu behar. Ziurtatu atleta bera, nahi badu, parametroak aldatzeko gai dela. Jauzilaria azeleratzen saiatuko da, gehiegizko esfortzurik egin gabe, energia gastatu gabe.

Jauzilaria abiadura maximoan doanean, luzera ezin hobea izango du, baina zaila izango da luzera horri eustea.

Ondorioz, jauzilariaren ezaugarriak aztertu beharko ditugu fase eraginkor hau zuzentasunez eratzeko, lasterketaren erritmoaren diseinu globala atletari berari eta lasterketa interpretatzeko duen moduari guztiz egokituta egon dadin.

3. Oldar-prestatzea

Helburua: 

Oholera hurbiltze zinematiko egokia egitea. Segmentuen eta kokatze globala egokiak izatea, lasterketa jauzi bihurtzeko. Fase honetako ezaugarriak:

– Une esanguratsua da, jauzilarien kontrol- eta erabakitze-ahalmenak erakusten baititu.

– Oldar-prestaketak sei bat urrats ditu.

– Belaunen altxatze urriagoa egiten da, urratsen luzera laburtu, eta maiztasuna areagotzeko.

– Ekintza ideala litzateke aldakaren posizio egokia ez galtzea, luzera mantentzea eta maiztasuna igotzea.

Lasterketako unerik garrantzitsuena da, eta aldaka tinko izan behar dugu, aurrerantz proiektatu ahal izateko, indartsu eta egonkor.


 Oldarra egiteko bi joera daude:

– Lehenengo joeran, jauzilariek zertxobait handitzen dute azken-aurreko urratsaren luzera, lasterrekoa baino handiago eginez; azken urratsa, berriz, laburtu egiten dute. Helburua azken bi urratsen erritmoa handitzea da. Azken bi urratsen bermeak aldakatik zertxobait aurreratzen dira. Aurre hartzeari esker, grabitate-zentroa jaitsi egiten da eta oldar-hankaren oina belaunaren aurretik doa, oholaren bila. Atleta indartsu eta ez oso arinen teknika ohi da, oldartzea belauneko giltzadurak eratzen duen indarrean oinarritzen baita. Teknika honi sinking esaten zaio.

– Bigarren joeran, running teknikan, jauzilariak ez du aldatzen azken bi urratsen luzera, baina maiztasuna handitu egiten du. Azken hiru bermeak ia-ia aldakaren azpian egiten dira. Oldar-unean jauzilaria bermearen “gainean” dago eta horren iraupena laburtuko da. Helburua da indargabetze-fasea laburtuz bermeen bizitasuna handitzea.





Oldarrak lasterketa-urratsaren fase berberak ditu. Lehenengo teknikan, bermea aurreratu egiten da, eta  horrek enborra atzeratzen du. Belaunaren tolesdura handiagoa da eta, ondorioz, moteltxoago luzatuko da. Oldarraren irteera (emaitza, jauzia), gorantz egiten da.
Bigarren teknikan, bermea aldakapean egiten da, hankaren tolesdura urriagoa da, eta oldarraren irteera aurrerantz egiten da. Azken-aurreko bermeak aldaka aurrerantz bota behar du, oldar-oinaren gainean kokatzeko.


1.2 Oldarra

Oldar-hankak lurrarekin duen kontaktua laburra eta bizia da oldarra, jauzilaria aurrerantz eta gorantz bultzatzen  duena. Oldarra oldar-oina lurrean ezartzerakoan hasten da, eta kontaktu hori galtzean amaitzen da. Oldar-prestatzeko azpifasearekin ia bat egiten da, jarrai-jarraian doaz biak eta.

Oldarra da jauziaren bigarren gakoa; lasterketarekin lotura zuzena du, eta kausa-ondorio erlazio estua, jarraian  eta etengabe gauzatu behar da.

Helburuak:

– Lasterketa jauzi bihurtzea, desplazamendu-baldintzak aldatzea eta abiadura linealari eustea.

– Grabitate-zentroaren ibilbidea linealetik parabolikora aldatzea.

– Grabitate-zentroaren hegaldiaren baldintzatzaile diren angelua eta irteera-abiadura antolatzea.

Ezaugarriak:

Iraupena aldatu egingo da, erabilitako teknikaren arabera.

Oldarra egin bitartean, atletaren grabitate-zentroak erakusten du haren ibilbidea: tarte horretako une bakoitzean abiadura desberdina izango da, lasterretik dakarren abiadura grabitate-zentroari igortzen zaion heinean.

Jauzilariaren grabitate-zentroaren garaiera aldatu egiten da: erdiko fasean dago baxuen eta oldarraren amaieran garaien. Running teknika erabiliz gero, aldaketak txikiagoak dira.



Lehen kontaktua oinazpiak egiten du, kanpoaldetik zeharkako arkura joaten da (gorputza bertikalean dagoenean), gero barrualdera, bulkada-arkura, eta erpurua izango da azken kontaktua.




Oldarraren zatiak

Bi zati ditu oldarrak: indargabetzea eta bulkada.

- Indargabetzea:

Oina oholean jartzean hasten da, eta belaunak tolesdurarik handiena izan arte irauten du. Gauzatze zuzenak jauziaren jarraipena bermatuko du.

- Bulkada:

Indargabetzea amaitzean egiten da bulkada, hau da, grabitate-zentroa bertikaletik igaro ondoren. Bulkada-hankaren luzaketa indartsua ahalik eta denbora laburrenean egin behar da.

Hanka libreak ekintza indartsu eta gogotsua egin behar du, aldakaraino igo (aldaka gainditu gabe) eta aurrera egin.

Besoak lagungarri dira gorako akzioan, orekatuta eta blokeatuta daude hanka librearen besoaren ukondoa atzeko garaiera maximora heltzean: sorbaldak ere apur bat gora egiten du. Besoen akzio hori funtsezkoa da enborrari tinko eusteko eta oldarrean agertu diren indarrek atleta ez desorekatzeko, baita jauziari eraginkortasuna igortzeko ere.


1.3 Hegaldia

Oldar-oinaren kontaktua galtzen denean hasi, eta oinak jauslekuan jartzen direnean amaitzen da.


Jauziaren distantzia lasterketaren eta oldar-uneko bulkadaren bidez irabazten da; aireko faseak ez du lor daitekeen distantzia handituko, baina aireko fasea gaizki garatzen bada, jauziaren luzera asko labur daiteke. Hegaldiaren iraupena eta ibilbidea hasierako abiaduraren eta proiekzio-angeluaren menpe daude.




Helburuak:

– Oldartzean eratutako errotazioei atxikitzea, oreka mantentzeko.

– Segmentu eta gorputz guztia egokitzea, grabitate-zentroaren parabola onena lortzeko.

– Hareatzan izango duen kontaktua prestatzea.

Aireko fasearen zatiak:

- Aireratzea:

Oldar-fasearen aireko jarraipena izan beharko luke. Une batez, atletak bulkada-tandemaren gauzatze zuzenari eutsi behar dio, grabitate-zentroa aurreko etapetan lortutako angelu eta abiaduran proiektatuko delako. Hala ere, abiadura hori galduz joan da oldarrean eta prestaketan, eta horregatik une hau oso desberdina izaten da jauzilari eta jauzi bakoitzean. Hurrengo mugimenduak prestatu eta eginbeharrei  aurrea hartu behar die atletak, aukeratutako esekidura-teknikaren arabera.


Esekidura:

Atletak gorputz-atalen lehen mugimendu handia egiten duenean hasten da. Grabitate-zentroaren garaiera eta ibilbide handiena lortzen da.

Jauzilariek egin ditzaketen mugimenduak 3 multzotan sailkatzen dira:

A multzoa: Estilo naturala. Oinarrizko teknika eta hastapenetarako erabilgarria, nahiz eta gerora ere zenbait atletak marka bikainak lortu.


Oldarra egin ondoren, hanka libreak airean jarraitu behar du; bulkada-hankak ekintza osatzen duenean, aurrera eraman behar da, eta hanka biak batu. Posizio horretan translazioa egiten da, eta erortzea prestatzen da.
           
   
B multzoa: Luzatze-jauzia da. Oldarra egin, eta bulkada guztiz osatu ondoren, hanka libreak jaitsi eta atzera egiten du, oldar-hankarekin batzeko. Alboz ikusita, aldakak sorbaldekiko aurreratzen dira, eta oinak belaunen atzean daude.

Une batez, gorputza airean eskegita dagoela ematen du. Ondoren, erortzea prestatzeko, belaun biak sorbaldetara eraman behar dira. Hankak zenbat aurreratzen diren teknika honen eragite-indizea da. Estilo hau egokia da garaiera txikia, abiadura handia eta oldar bizia duten atletentzat.    





C multzoa: Segmentuen mugimenduak nagusi dira enborrekoekin alderatuz edo guraizea. Airean urratsak egiten dira, mugimendu horri “hitch-kick” esaten zaio.

Atleten premia mekanikoei erantzuna emateko eta luzera handiak lortzeko erabiltzen da. Aurreko ekintzen kalitate ona, espazio-denboraren pertzepzioa, egokitzapen fisiko onena  eta orekaren eta segmentuen mugimendu gorenak eskatzen ditu; horregatik, marka onenak dituzten atletek estilo hau erabiltzen dute. 



1.4 Erorketa:

Oinak harea ukitzerakoan hasten da. Araudia dela eta (arrasto-markatik neurtuko da jauzia), komeni da oreka marka horren atzetik berreskuratzea.

Helburuak:

– Oinek harea ahalik eta urrunen ukitzea, grabitate-zentroaren ibilbide teorikoaren lerroan.

– Abiadura moteltzea, lesioak ekiditeko.

– Kontaktua orpoekin egitea, aldakak puntu horretara heldu daitezen edo harago.

Orpoekin egiten da kontatua, eta hanka biak denbora berean. Lurra atletarengana hurbiltzen dela ematen du, eta ez atleta lurrera. Besoak aurrerantz eraman behar dira beti. Hanken arteko zabaleraren arabera, hainbat lur-ukitzeko teknika daude.

Lurreratzea ondo eginez gero, gorputza arrastotik urrundu, eta berrorekatze zuzena ahalbidera daiteke.


Oinak batera eramatea edo oinak zabalik eramatea. Beste aukera bat da, aldakak orpoetara hurbiltzeko belaunak apur bat tolestu ondoren, haien bultzada bizkorra  eta gora eginez harea atera, aldakak bertan sartzeko asmoz.



LUZERA JAUZIKO OHIKO AKATSAK



















Lasterketan

- Orpoketa ez doia egitea: jauziaren zati bat galtzea, huts egitea edo, are gehiago, okerreko oinarekin heltzea oldarrera.

- Azken urratsetan abiadura galtzea.

- Azken urratsetan aldaketak egitea, urratsa laburtuz nahiz luzatuz; huts egitea saihesteko edo ohola topatzeko.

- Erritmo falta izatea eta urrats ez-homogeneoak egitea.

- Progresioa ezegokia izatea.

Oldarrean

- Hasierako urratsak luzeegi egitea.

- Oholera orpoz heltzea.

- Bulkada lurrera begira egitea.

- Tandem-akzioari denborarik ez ematea.

- Bulkadan enborra oker kokatzea.

- Hanken eta besoek koordinaziorik ez egitea.

- Oldar-hankaren bulkada (luzaketa) osoa ez egitea.

Hegaldia

- Oreka galtzea; normalean bulkadan egindako akatsengatik.

- Airean, enborra gehiegi aurreratzea.

- Hanken eta besoen arteko mugimenduak ez koordinatzea; normalean behar ez diren uzkurdurengatik.

Erorketa


- Erortzea behar baino lehenago izatea, oinen akzioengatik.


ARIKETAK:

1.  Gutxi gora behera 30 cm ko hesiak jarrita eta beraien artean 7 bat oin  eta nesken kasuan 6jarrita, ikasleak lasterketa bat egingo dut hauen gainetik jauzi eginez, baina bi pauso egin eta hanka berdinarekin egin beharko dute jauzi hesi guztietan. Inpultso hanka erabat extentsionatuta edukiz eta eskuan goran.Ariketa hau oldar hanka zein den jakiteko egingo da.


2.  Pausu bakar batean egiten duten ikasleak  beste zirkuitu batera pasatuko dira. Oraingoan hesiak urrunago egongo baina hauek ere bi pausutan eta hanka berarekin pasatu beha dira. 
















3. Oraingoan uztai batzuk jarriko ditugu distantzia ezberdinetara, geroz eta urrutiago. Ikasleak lasterka joan eta marrara iristean uztai barrura egin beharko dute jauzi hanka batekin. Horrela jauzi bakoitzean uztai ezberdinetara eta geroz eta urrunago jauzi eginez.







4. Orain jada hondarrera egingo dute jauzi inpultsorik gabe eta bi hankekin batera jauzi eginez. Jauzi hau geroz eta urrunago egiten saituko gara.





5. Orain lasterketa motz batekin egingo dugu jauzi bera.




6. Lasterketa txiki bat eginez oldarra hanka onarekin egingo dugu eta gero eroketa hanka berarekin amaituko dugu.




7. Luzera jauziko erorketan ez gara ipurdiz eroriko, aurrena hankak eta ipurdiarekin ukituko dugu area eta gero hankan estentsionatuko ditugu. Hau jakinda erorka simulatuko dugu hondarrean zuzenean egin beharrean koltxoneta baten gainaera jauzi eginez.



8.  Jauzia jada hondarrera eroriz praktikatuko dugu.






9. Jauzi handiago egiteko eta gorantz egiteko urrunago salto egiteko, altuera batean dagoen globo bat ukitzen saituko dira.




10. Jada jauzia osorik egingo dute, bejar diren pausoekin, marra ukitu gabe eta hondarrera eroriz.



11. Jauzi osoa egindakoan hegaldi ezberdinak probatuko dituzte eta beraientzako hoberena dena aukeratuko dute ahalik eta gehien saltatzeko helburuarekin.



ARIKETA GEHIAGO

http://www.youtube.com/watch?v=OEQk_Tr0jgM

http://www.youtube.com/watch?v=10kYfO-DBsA

http://www.youtube.com/watch?v=xvhs_RLg4vU










iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina