2013(e)ko abenduaren 17(a), asteartea

Pisu jaurtiketa

 

Pisu jaurtiketa atletismoaren proba bat da, bola astuna ahalik eta urrutien jaurtitzean datzana. Gizonezkoen kasuan, bola horren pisua 7,260 kilogramotakoa izango da eta emakumezkoenean, aldiz, pixka bat arinagoa honen pisua 4 kilogramotakoa izanik.

Hala ere, esan beharra dago jaurtiketak, besoen ekintzari esker baino areago, hanken lanari esker egiten direla. Izan ere, besoek hanken lanaren eta gorputz-enborraren tortsio-distortsio ekintzen bidez lortutako energia jasotzen dute, eta tresnari transmititzen diote. Hanketan hasi eta eskuraino heltzen den mugimendu-segida batez eta hainbat indarren baturaz baliatzen da atleta jaurtiketa egiteko.

Jaurtiketetan lehiatzeko modua jauzietakoena bezalakoa da. Lehian hasi aurretik lehiatze-ordena zozketatu egiten da, eta beroketan ere ordena horretan egiten dira saiakuntza-jaurtiketak. Lehian, lehiakide guztiek hiruna jaurtiketa egin eta sailkapena egiten da jaurtitzaile bakoitzaren marka onena hartuta. Zortzi atleta onenek beste hiru jaurtiketa egiten dituzte. Bigarren saio horretan, parte-hartze ordena markaren arabera antolatzen da:zortzigarren marka onena duen atleta hasi eta marka onena daukanak amaituko du segida gehigarria.
 
 

TEKNIKA


Pisu- jaurtiketaren teknika zehatz mehatz azaltzeko beharrezkoa da ondorengo aldi hauek bereiztea eta banan banan aztertzea baita lantzea ere:

 
 
1.  Hasierako posizioa:
 
Jaurtilari guztiek ez dute erabiltzen, baina irudian ikusten duguna akademikoena da eta “T posizio” izenaz ezagutzen dugu.
-       Atleta tente eta jaurtiketaren noranzkoari bizkarra emanez jartzen da, gorputzaren pisua eskuineko hankan duela, oina guztiz bermatua eta oin-punta metalezko uztaia ukituz.
-       Ezkerreko hanka zertxobait tolestuta dago, oina eskuineko oinetik 30 bat cm atzeratuta eta 10 bat zentimetro alboratuta, orekari eusteko.
-       Eskumako haka guztiz luzatuta eta gorputzaren pisua gainean.
-       Oin-zola guztia lurrean ezarrita.
-       Aldaka eta sorbalda lerroak jaurtiketa norabideari elkarzut daude.
-       Eskuineko sorbaldak, erlaxatuta, tresnaren pisuari eusten dio
-       Ezkerreko besoa sorbalda baino zertxobait altuago, erdi tolestuta eta aurrerantz proiektatua.
-       Esku-ahurra kanporantz begira, guztiz erlaxatuta.
-       Burua bizkar hezurraren jarraipena da, baina begirada lurrera orientatuta dago, oinetatik 2-3 metrora, jaurtiketaren kontrako noranzkoan.
 
 
 
2. Pisuari heltzea
 
Erdiko hiru atzamarrek helduko diote pisuari, izan ere, atzamar txikia eta erpurua orekatzaileak dira soilik. Behin pisua era egokian hartuta dugula, pisua masailaren eta lepoaren kontra jarri beharko dugu, gorputzarekin bat egiteko jarreran. Ukondoa pisuaren aurka, sorbaldaren eta enborraren alboaren arteko erdibidean.

 
3. Desplazamendua
 
Kukubiko posizioan enborra aurrerantz inklinatua egongo da eta ezkerreko hankaren belauna eskuineko hankaren zangosagarraren ondoan pasatuko da. Hortik, ezkerreko hankak(hanka kulunkari) estentzio horizontal aktiboa egingo du, euskailua bilatuz. Mugimendu honek pelbisa eta sistema osoa beherantz eta atzerantz tiratzen du.
Bitartean, eskuineko hanka(hanka irristagarria) grabitate zentruaren desplazamenduaren ondorioz, pisu Gabe egongo da, eta orporantz biratu ondoren, estentsio aktiboa egingo du zkerreko hankaren mugimenduaz batuz.
 
Hanken parte-hartze azkarrari eta orpotik pasatzeari esker, bi hanken arteko angelua irekitzen da. Aldi berean, enborra jaurtigailuarekin Aurrera eramaten da, aldakak lurrarekiko paralelo mantenduz.
 
Beso librea gorputzaren aurrean mantentzen da, enborraren posizio itxia bermatuz eta sorbaldak aldakaren atzean, jaurtiketaren norabidekiko perpendikularrak mantenduz.
Eskuineko hanka, flexio azkar baten bidez, zirkulu erdira iritsiko da, metatartsoarekin. Aldi berean, ezkerreko oina euskailu ondora iritsiko da, abiadura galerak saihestuz.


 
4. Jaurtiketa bera edo tiroa
 
Zirkulu erdira iristean, eskuineko hankak gorputzaren masa galgatzen du eta norabidearen aldaketaren ondorioz hanken giharrek lagapen txiki bat izango dute.
Hanken errotazio honek, aldaken aurrerapena laguntzen du, jaurtigailua lerro berean mantentzen den bitartean. Horrela, “alboko posizio” deritzogunera iritsiko gara. Alboko posizio hori denbora txiki batez mantendu eta hortik aurrera metatutako energía elastikoa askatu egiten da.
Aldakak eta sorbaldak jaurtiketaren norabidera begira dauden momentuan posizio frontalera iritsiko gara eta une horretan, ezkerreko sorbaldaren blokeoa sortuko da.
Gorputzaren estentsioa egin ondoren, beso jaurtilariaren estentsioa iritsiko da. Ukondoa sorbaldaren altueran kokatuta egono da, gorputz osoak jaurtigailuaren atzean jarraituko duela eta eskumuturraren alboko flexioa bermatuz.
 
 
5. Amaiera eta ondorengo errekuperazioa.
 
Behin pisua eskutik irtenda zirkulutik irteera saihesteko eta oreka berreskuratzeko “kontramugimendua” egiten da. Hau da, eskuineko oina ezkerrekoa egon den tokira abiatuko da, eta ezkerrekoa, aldiz, atzerantz.
 
 
 
OHIKO AKATSAK
- Ukondoa baxu izanda jaurtiketa egitea
- Oin bakarraren gainean geratzerakoan oreka galtzea
- Euskarri-hankaren luzapena hanka librearen ostikoarekin ez koordinatzea.
- Desplazamenduan gehiegi saltatzea
- Hanken bulkada enborrari eta besoari bizkor ez transmititzea
- Aurreko hanka flexionatuta duenean jaurtitzea
- Enborra alde batera tolestea jaurtiketa egiteko momentuan
 
 

ARIKETAK

 

Gure ikasleak haurrak direnez komeni da atletismorako lehen hurbilketa oinarrizko jardueren bidez egitea. Horretarako, oso garrantzitsua da, pisu-jaurtiketaren kasuan ere, jaurtiketa-akatsak automatizatu aurretik zuzentzea, ikasprozesuaren fase honetan egiten diren jardueren bidez. Izan ere, askoz hobea da egiten dena akats barik egitea, gutxi izan arren, jarduera ugari baina inolako irizpide teknikorik gabe egitea baino. Beraz, teknikariak eta irakasleak adi egon beharko dira akatsik egiten den ikusteko, eta akatsok zuzentzeko ariketak diseinatu eta proposatzeko.

Hasieran hainbat tresna izango dira aztergai: eskuartean erabili, bultza egin, jaurtiketa-jolasak egin…
1.    Teniseko pilotak lurretik zehar banatu eta umeek ahalik eta pilota kopuru gehien biltzen saiatu behar dira.
 
 
2.    Banaka pilota lurraren kontra jaurti ahalik eta indar handienarekin
 
 
3.    Bosnaka jarriko dira eta talde bakoitzak kartoizko kutxa bat hartuko du. Umeak kutxatik 10m-ra kokatuko dira fila bat osatuz eta txandaka pilota kutxa barruan sartzen saiatuko dira.

 
4.    Banaka teniseko bola paretaren kontra bota ahalik eta indar handienarekin eta botea eman ostean hartu.

 
5.    Taldea bitan zatituko da, talde bakoitzak alde ezberdinetan kokatzen direla eta irakaslea erdian. Azken honek, uztai bat airera jaurtiko du aldetik aldera, eta umeen eginkizuna teniseko pilotak uztailetik sartzea izango da.
 
 
Ondoren, oinarrizko teknikak ikastea izango da helburua, eta hauek dira ikas-prozesuaren helburu orokorrak:
 
Lehenengo helburua jaurtiketa garaia lortzea izango da, oin biak lurrean bermatuta izanik.
 
6.    Binaka jarrita bata besteari pilota pasatu:
- Lurretik zehar
- Bi eskuekin behetik gora
- Bi eskuekin ahalik eta abiadura handienarekin
- Esku bakarrarekin
 
7.    Binaka jarriko dira, bakoitzak pistaren alde batean kokaturik eta pilota  elkarri pasatuz bi eskuak erabiliz eta ahalik eta altuen jaurtiz.

 
8.    Pilota pisudunak hartuko ditugu, eta gorputza jaurtiketaren noranzkoan jarrita jaurtiko ditugu.


 
9.    Ondoren, gero eta alboratuago eta baxuago jarriko dugu ariketon abiatze-posizioa, harik eta jaurtiketa errealaren posiziora hurbilduz.
 
 

 
Pisuari ahalik eta denbora luzeenean bultzatzea eta azeleraraztea izango da bigarren helburua, jaurtiketa abiadura handieneko unean egiteko.
 
10.  Bi hankak flexionatu eta ezkerrekoa aurreratu(eskumakoarekin jaurtiz gero). Jaurtitzerakoan besoa eta hanka luzatu, oinak lurretik altzatu gabe eta aldakaren errotazioa eginez.

 
11.  Baloirik gabe. Eskumako hanka aurreratu eta pixka bat flexionatuko dugu, pisu osoa honen gainean utziz. Ezkerreko hanka, berriz, atzeratuta eta pixkat altzatuta utziko dugu. Azken hanka honekin tiroi txiki bat egin eta salto txiki bat emango dugu.

 
12.  Ariketa berdina errepikatuko dugu pisuarekin.
 
Azkenik, hirugarrena, jaurtiketa osoaren teknika eta erritmoa hobetzea izango da.

 
      13.  Pisu jaurtiketaren mugimendu osoa ahalik eta teknika egokiena erabiliz egitea.











 
 
 

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina